|
Eusko Jaurlaritzak gaur goizean aurkeztu du prentsaurrekoan liburuak katalogatzeko arauen euskarazko itzulpen eta egokitzapena, hain zuzen ere Kulturaren Euskal Planaren baitan kokatzen den proiektu berria. Katalogazio Arauak izeneko argitalpen hau Bibliotekonomia bildumako bigarren argitalpena da. Aurrenekoa musikako liburuen, partituren eta soinu-grabazioen sailkapen sistematikoa izan zen.
Katalogazio Arauak argitalpenaren aurkezpenean egon dira Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea, Arantza Arzamendi Kultura Ondarearen zuzendaria, Jon Iñaki Zarraga Bizkaiko Foru Aldundiko kultura zuzendaria, eta Roberto Kerexeta Kultura Saileko teknikaria, azken hau lantaldearen izenean.
Gaur aurkeztu den lan honen helburua zera da, hots, euskal liburutegietako profesional eta erabiltzaileen aspaldiko eskabide bati erantzuna ematea, alegia. Aspaldikoa baita liburutegien alorrean euskarazko baliabideen gabezia eta, batez ere, dokumentuak euskaraz katalogatzeko nazioarteko arauena. Izan ere, zailtasun nabarmenak zituzten liburutegi arloko profesionalek katalogo bibliografikoak euskaraz kontsultatu ahal izateko.
Testuingurua
Liburutegi politika diseinatzea eta bideratzea erakunde publikoen eginbeharra da. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren egitekoen artean liburutegien alorrean euskararen erabilera normalizatzeko zer egin behar den ikertzea eta zehaztea ere badago.
Informazioaren eta komunikazioaren aro honetan, katalogazio arauek garrantzi handia dute informazioa bilatzeko eta berreskuratzeko orduan. Funtsezko tresna bilakatu dira katalogo bibliografikoen normalizazioa lortzeko eta prozesu teknikoen kudeaketarako.
Liburutegi esparruan eta, oro har, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan, aldaketak oso arin gertatzen dira eta ezinbestean nazioarteko arauak eguneratzen eta berriak itzultzen joan beharko da.
Katalogatzeko arauen euskarazko itzulpen eta egokitzapen honen lanak 2002. urtean hasi ziren, orduan elkartu bait ziren estreinakoz Kultura Saileko arduradunak eta EAEko liburutegi arloko erakunde, elkarte, liburutegi esanguratsuenak eta IVAP.
Lehen bileraren asmoa euskarazko katalogazio arauak lantzeko lantalde bat sortzea izan zen. Hori baita, hain zuzen ere, Kulturaren Euskal Planak lan egiteko hartu duen eredua, hau da, elkarlana. Plana indarrean jarri zenetik, guztira 260 lagunek dihardute lanean 13 lantalde desberdinetan.
Gaur aurkeztu den proiektua, beraz, lantalde horrek sei urteotan egindako lanaren emaitza da, azken urteotan euskararen normalizazio prozesuan Liburutegi Zerbitzuak emandako urrats zabalagoen segida gisa uler daitekeena, hala nola, autoritate eta gai-sarreren katalogo elebiduna, katalogazio elebiduna, etab.
Honakoak dira lantalde horretan parte hartu dutenak:
- Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka
- Bilboko Udal Liburutegia
- Donostiako Udal Liburutegia
- Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Nagusia
- Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzua
- Euskarazko adibideak bilatzeko Kultura Sailak kontratatutako liburuzaina
- IVAPeko Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala
- Arrantza eta Nekazaritza Sailaren Liburutegia
- Eresbil (Musikaren Euskal Artxibategia)
Erakunde eta liburutegi multzo honen xedea, euskarazko katalogazio arauak lantzeko lantalde bat sortzea zen, euskaraz katalogatzeak sortzen zituen arazoak konpontzeko. Euskaraz katalogatu ahal izateko, lehenik eta behin, euskarazko baliabideak (autoritate eta gai sarrera elebidunak, katalogo kolektiboak, etab.) eta arauak izatea ezinbestekoa da. Premiazkotzat jotzen zen, beraz, lantresnok ahalik eta azkarren sortzea edota euskaratzea.
Arauak euskaratzerakoan bi aukera zeuden: Anglo-American Cataloguing Rules ingelesa itzultzea edota Espainiako Kultura Ministerioaren Reglas de Catalogación itzultzea. Azkenik bigarren honen 1999ko edizioaren euskarazko itzulpena egitea erabaki zen.
Hasieratik argi ikusi zen Espainiako arauen itzulpen soila eginez gero, helburu nagusia ezin zela bete, itzulpen hutsa hanka-motz geratzen zela, eta beraz zenbait kasutan (euskal deituren grafiari buruzko sarreretan, adibidez) euskararen beharretara egokitzea ezinbestekoa zela.
Edozein unetan arauok zaharkituak gera daitezkeela jakitun izan arren, eta lana asko luzatu den arren, egindako lan eta ahaleginak merezi izan du, batez ere terminologian, deskribapen fisiko eta oharren eremuetan euskaraz katalogatzeko zegoen hutsunea bete delako.
Aurrerantzean, beraz, liburuzain eta, oro har, liburu arloko profesionalek, tresna oso baliagarria izango dute eskuartean euskarazko liburuen katalogazioa modu egokian egin ahal izateko, argitaratutako arau hauek jarraitu beharreko irizpide nagusienak hartzen baititu bere baitan.
Bilbo, 2008ko ekainaren 30ean
|