|
Georgiako “Ivane Javakhishvili Tblisi ” Unibertsitate Publikoak Honoris Causa doktore izendatu du Juan José Ibarretxe Lehendakaria.
Rusudan Lordkitanidzt errektoreak Lehendakariak politikari zein ekonomilari gisa egindako lana eskertu zuen eta nabarmendu zuen Unibertsitateak bere goraipamenik handiena ematea erabaki duela demokrazia, bakea eta giza eskubideak bezalako baloreen alde egindako ekarpenagatik. “Gaurtik aurrera Lehendakaria eskubide osoa duen gure Unibertsitate-familiaren kide da ” esan zuen.
Halaber, errektoreak unibertsitate eta berriztapen alorrean Euskadi eta Georgia artean dauden lankidetza proiektuak azpimarratu zituen, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Tblisikoaren artekoak bereziki.
Bere hitzaldian Ibarretxe Lehendakariak giza eskubideak errespetatu gabe eta munduan dauden herriak aintzat hartu gabe ez dagoela askatasunik esan zuen eta elkarbizikidetza sistema demokratiko eta justu baten oinarria giza eskubideen errespetoa dela gaineratu zuen. Horren arira esan zuen giza eskubideen alde egitea ez dakogiela erakundeei soilik, gizarte osoari baizik.
Lehendakariak elkarrizketaren eta herrien, kulturen eta erlijioen arteko elkar aditzearen aldeko apostua egin zuen, beti ere, kultur aniztasunari uko egin gabe.
Ibarretxek adierazitakoaren arabera, Euskadiren nahi nagusia bakea lortzea da eta bakea elkarrizketaren bitartez lortuko dela ziurtzat jo zuen. Horrez gain, aitortu zuen Euskadi eta Espainia eta Euskadi eta Europaren arteko harreman eredu adeitsu bat lortzea dela euskal gizarteak XXI menderako duen helburu nagusiena.
|