|
Juan José Ibarretxe Lehendakariak Nazio Batuen Idazkari den Kofi Anann-ekin izan zuen bilera Tunisian eta Euskadiren eta Hirien eta Agintari Lokalen Informazioaren gizarteari buruzko II. mundu mailako goi bileraren partehartzaileen izenean aipatu bileran onartutako hesi digitalaren aurkako Bilboko Dekalogoa deitua eman zion Kofi Ananni.
Lehendakariak "oso atsegintzat" jo zuen bileran, Kofi Anannek ziurtatu zuen adierazpena Informazioaren gizarteari buruz egunotan Tunisian egiten ari diren bilerak eztabaidatuko duen agiri ofiziala izango dela. Anannek azaldu zuenez, agiria, hain zuzen, ostiraleko bilkuran irakurriko dute.
Ibarretxek azpimarratu zuenez, nazioarte-alorrean aktore berriak ari dira sortzen "estatu ez izan arren eta beste inoren ardura bete nahi ez dugun arren, munduan gure tokia aldarrikatzen dugun" nazio eta eskualdeak hain zuzen.
Lehendakariak poztasuna azaldu zuen Bilboko Dekalogoa Nazio Batuen Idazkari Nagusiari eman ahal izateagatik eta "Euskadi ezaugarriotako goi bilerak antolatzeko gai dela" azaldu ahal izan ziolako.
Ibarretxek azpimarratu zuenez, mota honetako goi bilerek aurrerapen handiak bultzatzen dituzte. Honen harira, informazioaren teknologia berriek hiritarren arteko ezberdintasunak sor ez ditzaten solidaritatearen bultzada nabarmendu zuen besteak beste. Lehendakariaren aburuz, solidaritateari bultzada ematea ezinbestekoa da zulo digitala deuseztatu eta ezberdintasunak murrizteko. Horrez gain, identitatea indartu egin beharko litzateke teknologia berriek milurteko kulturak eta herriak likidatu ez ditzaten.
Azkenik, Lehendakariak Ananni azaldu zion Euskadi bezalako Estaturik gabeko eskualde eta nazioak "Nazio Batuen aliatu" direla "globalizazioak gerra eta pobrezia sortuz amaitu beharrean, munduko herri guztien arteko solidaritatea eta aurrerakuntza sortuz buka dezan".
|