|
Ostiralean, jakin dakizuen moduan, Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzak ETA dagokion tokian jartzeko eta elkarrizketari eta alderdien arteko akordioari BAI esateko igorritako Herri-galdeketari buruzko Lege egitasmoa erabakiko du.
Jaurlaritzaren aburuz une historikoa da hau, dudarik gabe: lehen aldiz Eusko Legebiltzarrak herriari hitza ematen dion ekimena eztabaidatuko baitu. Kontsulta baten bitartez herriak bere hitza eta iritzia demokratikoki ematea ahalbideratuko duen ekimena, berau.
Eta horren atarian zera ikusi dugu:
Eztabaida politiko eta mediatikoa urduritasunez eta gainera, irain eta deskalifikazioz josita dagoen bitartean, eztabaida naturaltasun osoz eman da herritarren artea eta herritarrek zuzeneko demokraziaz baliatzea normaltasun osoz ikusten dute.
Kursaalean atzo arratsaldean burututako ekitaldia alde nabarmen horren lekuko izan genuen.
Horren harira, ulergaitza gertatuko litzateke legebiltzar kide batek edo baten batzuk herritarrei EZ dutela bere iritzia demokratikoki adierazteko eskubiderik adieraztea.
Ez dutela eskubiderik ETAri indarkeria behin betiko utzi behar duela esateko; ezin dietela alderdiei normalizazioa xede duten akordioak erdiesteko exijentziarik egin.
Lehendakariak adierazi duen moduan, hau ez da auzi dramatikoa, hau auzi demokratikoa da.
Zor zaigun erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi dugu hobeto bizitzeko. Autogobernua erabili nahi dugu aurrera egiteko eta herri honen bizi kalitatea areagotzeko.
Jaurlaritzak Maribel eta Blanca Bruño ahizpen egoera legala lehenbailehen argitzea eskatzen du
Maribel eta Blanca Bruño ahizpak aurreneurrizko espetxealdian dira Garzon epailearen aginduz, ETAri borondatez dirua ematea leporatuta.
Hau da ETAri babesa eta diru laguntza ematea leporatu diete.
Badirudi hori probatzeko Bordelen atxilotutakoei hartutako gutun bat erabili dutela.
Garzon epaileak hartutako erabaki hauen aurrean, Maribel eta Blanca ahizpen aita den Andres Bruño jaunak adierazi du berak eta bere familiak azken 28 urte hauetan ETAren txantajea eta estortsioa pairatu dutela, eta horren salaketa berak publikoki 1980an egin zuela gehitu du.
Andres Bruñok adierazi du gizartearen aurrean zein harrigarria eta kontraesankorra den bere familia ETAren estortsio eta mehatxupean izatea eta une berean bere bi alaba atxilotu izana talde terroristari laguntza ematea leporatuta.
Eta Andres Bruñok berak adierazi du ez direla inondik ere borreroak.
2004. urtean antzeko egoera bizi izan genuen, hainbat euskal sukaldariren kontrako kausa zabaldu nahi izan zenean.
Orduan Jaurlaritzak esan zuen ETAren estortsioa pairatzen dutenak ETAren biktima direla eta ETAk duela estortsio mafioso horren kulpa eta ardura.
Hori horrela, herritar orori zor zaion errugabetasun printzipioaren izenean eta behin behineko espetxealdia muturreko erabakia izanda, Jaurlaritzak Maribel eta Blanca ahizpen egoera penala lehenbailehen argitzea eskatu nahi dio Audientzia Nazionalari eta Garzon epaile jaunari.
|