|
| Ibarretxe eta Bake eta Bizikidetzarako Planaren ebaluzia-jardunaldian izan diren partaideak. (J.B.) |
Lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako Plana ebaluatzeko jardunaldi bat zuzendu du gaur. Lehendakaritzan egindako saioan, nazioarteko adituek eta arlo honetan lan egiten duten euskal gizarte elkarteen ordezkariek ere hartu dute parte. Han jaso diren iritzi eta balorazioak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeari helaraziko dizkiete gero, ebaluazio-txosten batean.
Joan den urtean, su-etena indarrean zegoen garaian, Euskal Exekutiboak onartutako Bake eta Bizikidetzarako Plana "inoiz baino gehiago" defendatu du Ibarretxek komunikabideen aurrean. "Euskal gizartea ez da orain dela urtebeteko bera, helduagoa da. Hori dela eta, gero eta indartsuago gaitzesten ditu indarkeria eta horren justifikazioa, eta gero eta gehiago onartzen ditu demokrazia eta politika gatazkak konpontzeko bidetzat", adierazi du.
Bestalde, bakea lortzeko "egiten ari diren lan ordainezina" eskertu die Ibarretxek bileran parte hartu duten nazioarteko adituei. "Ez da ahaztu behar, ordea, guri dagokigula bakea eta akordio politikoak lortzea", gaineratu du.
Azkenik, gizarteak ez duela "atzera egin nahi" esan du Lehendakariak. Horregatik, pertsona guztien "eskubideen defentsa egiteko konpromisoa" hartu du, baita "delitu krudelak" egin dituztenenak ere.
Giza Eskubideen aldeko lana
Joana Weschlerrek, Lehendakariak bake eta bizikidetzarako gaietan duen nazioarteko aditu taldeko kideak, bestalde, su-etenaren ostean plan honek garrantzia handia duela azpimarratu du. Horren aburuz, "indarkeriaren aurkako lana giza eskubideen aldeko lanean oinarritzen da orain".
Bake eta Bizikidetzarako Planaren inguruan nazioarteko adituek egindako ekarpenak goraipatu ditu Joan Weschlerrek: "Politizazioaren zama kentzen lagundu du, bertoko egoerari munduko beste toki batzuetan begiratzen zaion modu berean begiratzen baitzaio", gaineratu du.
"Beste leku batzuetan ere sufrimendu handia dagoela jakitea oso garrantzitsua da; ez alderatzeko, ezta nik besteak baino gehiago sufritzen dudala esateko ere, pentsatzeko eta egoera hobeto ezagutzeko baizik", esan du.
Bake eta Bizikidetzarako Planean jasotzen diren beste arlo batzuk ere izan ditu aipagai nazioarteko adituak. Oroimena berreskuratzea "oinarrizkotzat" jo du, "biktima bakoitzari zor diogulako eta gizarteari zauriak sendatzen laguntzen diolako".
|