Eusko Jaurlaritzaren logotipoa

Lehendakari

euskadi.net-en logotipoa

Hemen zaude:
  1. Hasiera

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Azken eguneratzea: 2007/10/19
Gatazka egoeran dauden herrialdeetako gazteekin lan egiten duten gazte eta adituen nazioarteko topaketa batean
Lehendakariak dio Gazteek erabakietan parte hartzea eta irtenbideak eskatzen dituztela
Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria Arantzazun egindako konferentzian. (J.B.)
Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria Arantzazun egindako konferentzian. (J.B.)

Gazteekin egindako nazioarteko topaketa batean, Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak esan du euskal gazteriak "arriskatu gaitezen, argi hitz egin dezagun eta bideak proposatu ditzagun, nahiz eta huts egiteko arriskua izan" eskatzen dietela politikariei. Beren erabakiekin gatazkei irtenbidea aurkitzen eta Euskadiren etorkizuna eraikitzen parte hartzeko ere eskatzen dietela azaldu du Ibarretxek.

"Gaztedi bitalista bat dugu, gure arazoei irtenbidea ematerakoan beste aldera begiratu nahi ez duena. Arazoen irtenbidea politikaren eta politikarien esku utzi nahi ez duena eta gaur guztion artean egiten ari garena bezalako hausnarketak egitera bultzatzen gaituena", azpimarratu du.

Ibarretxe Lehendakaria aste guztian zehar Arantzazuko Baketik Bake Zentroan ospatzen ari den Gazteria eta Gatazka Nazioarteko Konferentziako (YWICS) partehartzaileekin bildu da. Biltzarrean gatazka egoeran dauden herrialdeetako gazteekin lan egiten duten ehun gazte eta aditu inguru ari dira parte hartzen. Hauen jatorriak Israel, Palestina, Armenia, Bioko Uhartea, Egipto, Kolonbia, Katalunia, Galizia, Irlanda, Ipar Irlanda eta Euskadi dira.

Balio demokratikoak

Bere hitzaldian, Lehendakariak esan duenez "politikarien betebeharra gazteei balore demokratikoak helaraztea da". Ibarretxe Lehendakariaren esanetan "nik neuk bide bat proposatu berri dut, zintzoa dena eta konponbideak bilatu nahi dituena, eta badago euskal gazteei, eta gizarteari orokorrean, euskal gizarteari kontsulta bat egitean amaituko den prozesu negoziatzaile bat proposatzea legez kontrakoa dela dionik. Hori al da balio demokratikoei dagokienez euskal gaztediari egin nahi diogun ekarpena?". Zentzu horretan, Lehendakariak aditzera eman du ez dela nahikoa "printzipio demokratikoetaz tratatu teoriko bikainak lantzea, printzipio demokratikoak praktikara eraman behar direla".

Halaber, Juan Jose Ibarretxek adierazi du euskal gazteriarekin izandako harremanetan argi gelditu zaiola gazteek politikariei eskaera bat egiten dietela, garrasi sozial bat izango balitz bezala: "Hitz egiguzue argi!, nahikoa da nahasmendua sortzeaz eta irtenbiderik ematen ez duen eztabaida espiral amaigabe batean bizitzeaz".

Ibarretxe Lehendakariak azpimarratu du gaur euskal gaztediak "ETA behin betiko geldi dadin, politikariek argi hitz egin dezagun, arriskatu gaitezen eta irtenbideak proposatu ditzagun" nahi duela eta gaineratu duenez "gazteek parte hartu nahi dute. Gaztediak galde diezaiogun nahi du, erabaki nahi du eta euskal herriaren etorkizunaren zati bat izan nahi du".

Balioen gaineko hausnarketan, Lehendakariak bere buruari galdetu dio, Jaime Mayor Orejari aipamen eginez, ea zein balio demokratiko duten buruzagi politiko baten hitzek, "diktadura frankistan euskal gizartea ongi, lasaitasunean, arazorik gabe bizi zela, dioenean".

Lehendakariak, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak eta Ipar Irlandako Public Achievement GKEak, Baketiken laguntzaz antolatutako Gazteria eta Gatazka Nazioarteko Konferentzian parte hartzen ari diren ehunen bat pertsonei beren ekarpenak egiteagatik eskerrak eman dizkie. Juan Jose Ibarretxek besteen esperientziez ikasteak duen garrantzia azpimarratu du, baina argi utzi du "euskal gazteriak badakiela bakea eraikitzearen lana eta gure etorkizuna erabakitzea guk egin behar dugula".

YWICS Nazioarteko Konferentzia Ipar Irlandan sortu zen, 2002. urtean, Public Achievement GKEaren, Ipar Irlandako Gobernuaren Gazteriaren Kontseiluaren eta Ulsterreko Unibertsitateko Lan Komunitarioaren Sailaren arteko lankidetzan. Orain arte hiru alditan egin dira mintegiok, guztiak Ipar Irlandan. Laugarrena Euskadin ospatzen ari da, lehenengoz Ipar Irlandatik kanpo.