Eusko Jaurlaritzaren logotipoa

Lehendakaria

euskadi.net-en logotipoa

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa


Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak
(2010-03-16)

Aurreko Erabakiak                         Bilaketak Bilaketa


HERRIZAINGO SAILA

Agindua: horren bidez, genero-indarkeriaren biktimei arreta, solidaritatea eta laguntza emateko zerbitzua sustatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautu eta horietarako deialdia egin da.
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
Erabakia, kreditu-kontu moduan, 600.000.000 eurorainoko kreditu-eragiketa gauzatzeko baimena ematekoa.
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Dekretua, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Estatistika Organo Berezia sortu eta arautzen duena.
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Erabakia, Kutxa Gipuzkoari eta ADEGI- Asociación de Empresarios de Gipuzkoa elkarteari zuzeneko diru-laguntza ematekoa, lan bila dabiltzan gazte tituludunen laneratzea errazagoa egitea helburu duen prestakuntza-egitarau bat garatzeko.
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Ehizari buruzko Lege-Aurreproiektua.
Agindua, 2010eko dirulaguntzetarako deialdia egin duena azaroaren 11ko 184/2008 Dekretuaren babespean. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko landa turismoko establezimenduetan inbertitzeko dirulaguntzak emateko erregimena arautzen du.
Agindua, Eskolako Agenda 21 hezkuntza-programa garatzeko, EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxeei dirulaguntzak emateko araubidea egiten duena.

HERRIZAINGO SAILA:
GENERO-INDARKERIAREN BIKTIMEI LAGUNTZA EMATEN DIETEN ERAKUNDEEI 400.000 EUROKO DIRU-LAGUNTZA EMANGO DIE EUSKO JAURLARITZAK

 Biktimei laguntza eta babesa ematea helburu duten Euskal Autonomi Erkidegoko erakunde guztiek izango dute laguntza hauek eskatzeko aukera

Herrizaingo Sailburuaren Agindu bat onartu berri du Eusko Jaurlaritzak gaurko bileran. Honen bidez, genero-indarkeriaren biktimen alde lan egiten duten erakunde eta elkarteei 400.000 euroko aurrekontu partida bat bideratutako zaie. Biktimei laguntza eta babesa ematea helburu duten Euskal Autonomi Erkidegoko erakunde guztiek izango dute laguntza hauek eskatzeko aukera.

Genero-indarkeria jasaten duten pertsonen aldeko ekimenak ez dituzte instituzio publikoek soilik abiatzen; irabazi-asmorik gabeko erakunde eta elkarteek ere eskaintzen diete biktimei laguntza eta babesa. Beren sostengu ekonomikoa bermatzeko eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei sorospena emateko abiatzen dituzten ekintzak burutzen jarraitu dezaten, erakunde eta elkarte hauek 2010ean zehar lortu ahalko dituzten diru-laguntzak zehazten dituen Herrizaingo Sailburuaren Agindua onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak.

Biktimei laguntza eta babesa ematea helburu duten Euskal Autonomi Erkidegoko irabazi-asmorik gabeko erakunde eta elkarte orok izango dute laguntzak eskatzeko aukera (Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako 2005eko otsaileko Legearen arabera, "sexuaren ziozko edozein ekintza bortitz joko da emakumeen aurkako indarkeriatzat, baldin eta ekintza horrek emakumeari kalte fisiko, sexual edo psikologikoa edo sufrimendua ekartzen badio edo ekar badiezaioke. Jokaera horien artean sartuko dira emakumea ekintza horiek egitearekin mehatxatzea, hertsapenak egitea edo askatasuna arbitrarioki kentzea, bizitza publikoan edo pribatuan").

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza, babesa, sorospena (juridikoa, psikologikoa edota soziala dela ere) ematea bide dutenak izango dira gehienbat diru-laguntzekin aurrera eraman ahalko diren ekimenak.

2010ean zehar guztira 400.000 euro banatuko dira diru-laguntzatan. Eskabide bakoitzaren balioaren araberakoak izango dira beti ere eta laguntzek gehienez proiektuaren guztizko balioaren %75ekoak izango dira.

Diru-laguntzak lortzeko eskaerak, Herrizaingo Sailaren Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren bidez edo Aldundi ezberdinetako Zuzenean zerbitzuetan egin ahal izango dituzte horrekiko interesa duten erakunde eta elkarteek.

 


EKONOMIA ETA OGASUN SAILA:
600 MILIOI EUROKO KREDITU-ERAGIKETA FORMALIZATZEKO BAIMEN-ERABAKIA

Gobernu Kontseiluak baimena eman du gehienez 600 milioi euroko kreditu-eragiketa formalizatzeko, “kreditu-kontuaren” modalitatean. Eragiketak 6 hilabeteko indarraldia izango du, interes-tasa aldakorrarekin.

Epe laburrerako kreditu-eragiketaren helburua diruzaintzako aldi baterako premiei aurre egitea da, zorpetze-eragiketen baimenetan dagoen atzerapena ebatzi bitartean.

Zorpetze-baimenen tramitazioak ohikoa baino atzerapen handiagoa du, autonomia-erkidego guztietako aurrekontu-egoera bereziaren ondorioz. Hori dela eta, momentuz, ezin da 2010erako Aurrekontuen Legean aurreikusitako zorpetze-eragiketarik gauzatu.

Gogoan izan behar da Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 2/2009 Legean araututa daudela diruzaintzako aldi baterako premietarako kreditu-eragiketak.

 


ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA:
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILAREN ESTATISTIKA ORGANOA SORTU DA

Jaurlaritzaren Kontseiluak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren Estatistika Organo Berezia sortu eta arautzen duen dekretua onartu du.

Sail berria sortu delarik, lehengo Garraio eta Herri Lan Sailaren eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren estatistika-organoak batu eta organo berri bat sortu beharra izan da.

Estatistika Organo berriak egiteko hauek izango ditu:

a) Sailaren Estatistika Plana lantzea, Euskal Esta¬tistika Planaren Proiekturako oinarri izango dena.

b) Lankidetza Euskal Estatistika Erakundearekin Euskal Esta¬tistika Plana eta Urteko Estatistika Planak lantzeko.

c) Urteko Estatistika Planetan bilduriko estatisti¬kak edo haien faseak lantzea, programa horietan eza¬rritako baldintzei jarraiki.

d) Estatistika propioak lantzea, hots, Euskal Es¬tatistika Planean edo Urteko Estatistika Programetan bildu gabeak.

e) Estatistika-eginkizunen ondorio diren beste erakundeekiko harremanak.

f) Informazioa lortzea bere eskumeneko estatis¬tikak egiteko.

g) Estatistiken emaitzak argitaratu eta zabaltzea.

h) Bere sektore-eremuko estatistikako Fitxategi-Direktorioak lantzeko eta eguneratzeko parte hartzea.

i) Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak interes¬garritzat jotzen dituen proiektuak egitea, batez ere sektoreko eta azpisektoreko zerbitzuak, azterlanak eta azterketak.

 


ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA:
HITZARMENA ADEGI ETA GIPUZKOAKO KUTXAREKIN, GAZTE TITULUDUNAK LANERATZEKO

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak lankidetza-hitzarmen bat sinatzea baimendu du, Gipuzkoa eta Donostia Kutxaren (Gipuzkoako Kutxa), ADEGI-Gipuzkoako enpresaburuen, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren artean, gazte-tituludunak prestakuntza-programen bidez Gipuzkoako enpresetan laneratzeko.

Programak lan-merkaturako sarbidea erraztuko die Gipuzkoan bizi diren EAEko 28 eta 30 urteko 60 gazte tituluduneri, prestakuntza espezializatua edo tituluaren osagarria ez ezik, enpresen barruan praktikaldi bat ere ematen duen prozesuaren bitartez. Era berean, lanbide-profilen eskaria eta eskaintza egokitzea da programaren xedea.

Programak 255.000 euroko kostua izango du. Horietatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 150.000 euroko gehienezko kopurua jarriko du.

Gipuzkoako Kutxarekiko hitzarmena ezaugarri horiekin Zabaleta sailburuak sinatu duen hirugarrena da; izan ere, aurreko biak ere EAEko beste bi aurrezki entitaterekin sinatu baitzituen (BBK eta Vital Kutxa). Banketxe eta enpresaburuen elkarteekiko hitzarmenak Euskadi´09 Planaren barruan kokatzen dira.

 


INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA:
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO EHIZAREN LEGEAREN AURREPROIEKTUA ONARTU DA

Jaurlaritzaren Kontseiluak, gaurko bileran, EAErako Ehizaren Legearen aurreproiektua onartu du. Agiri hori egiteko, foru-aldundiei, nekazaritza eta abeltzaintzako sindikatuei, ehiza-federazioei, ekologista-taldeei, basozaintza-erakundeei eta beste erakunde batzuei galdetu zaie.

Aurreproiektu hori onartzean, beste autonomia-erkidego batzuetan beren lurraldean ehiza arautzeko eskumenak garatzean beste autonomia-erkidego batzuek hartu duten ildo beretik abiatu gara. Horrela egin dute, guk baino lehen, honako hauek: Aragoi, Asturias, Kanariak, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Extremadura, Galizia, Errioxa, Murtzia, Nafarroa, Andaluzia edo Valentzia.

Euskal Autonomia Erkidegoan, orain arte, apirilaren 4ko 1/1970 estatuko legeak eta 1971ko martxoaren 25eko Arautegiak arautu dute ehiza, nahiz eta Gernikako Estatutuak berariazko eskumenak ematen zizkigun ehiza legez arautzeko.

Ehizaren Legearen aurreproiektu horrekin, geografia-ezaugarriei eta Euskal Autonomia Erkidegoko demografia-banaketari egokitutako berezko araudia finkatu nahi da. Foru-erakundeek ehizaren arloan lurralde bakoitzeko errealitateei egokitutako politikak garatu ahal izateko tresna aproposa izateko sortu da.

Legearen aurreproiektuak honako atalak ditu: zioen azalpena, zortzi titulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta bi amaierako xedapen.

Agirian zehar, ehiza eta ehizatzeko guneen sailkapena zehazten dira, eta ehizaren antolaketa eta kudeaketa finkatzen da. Horretan, jakina, foru-erakundeek esku hartzen dute, horiek baitira eskudunak ehiza-baliabideak planifikatzeko eta fauna, flora eta habitat naturalak babesteko.

Oinarrizko lege bat da, eta foru-aldundiek garatu eta betearaziko dute, LHL Lurralde Historikoen Legearen arabera. Araudia garatzen denean, ehizak eragiten dien erakunde eta eragileekin batera zehaztuko dira xehetasunak.

EAEk ehizaren arloan berariazko eskumenak dituenetik 30 urte igaro direnean, Euskal Autonomia Erkidegoak lege-testu berri bat izango du, bere errealitatera egokitua. Horrek arautuko du ehizako espezieen babesa, zaintza eta sustapena eta natura-ingurunearen beste erabilera batzuekiko jasangarritasun eta bateragarritasun irizpideekin egingo den aprobetxamenduaren antolamendua.

Lege testu horri esker, gainera, ehizaren giza errotzea eta ehiztariek natur ingurunearen kudeaketan duten inplikazioa zaindu eta garatu ahal izango da.

Aurreproiektuak ehizatzeko debekuen antolamendu sistematiko batzuk batu ditu egoera zehatz batzuetan, hots, “ausazko egunetan" –denboraleak, suteak, izozteak, edo lehorteak gertatzen direnean-. Hortaz, ez da beharrezkoa izango aldundien berariazko adierazpena, lurralde horretan ehiza debekatzeko, muturreko egoerak dirauen bitartean.

Beste alde batetik, aurreproiektuan xedatutakoarekin bat etorrita, foru aldundietako eta udaletako baso zaintzaileak eta agenteak agintaritzaren agenteak izango dira, baldin eta jarduera hori zaindu eta kontrolatzeko funtzioak badituzte atxikita. Halaber, agenteon adierazpenak egiazkotasun ustezkotasuna izango dute.

Edu bertsuan, ehizarako lurren sailkapena egin da, eta bertara ondokoak batu dira: ehiza eremuak –ehiza esparruak eta gainerakoak- ehizarako ez direnak –ehizarako gebendutako eremuak edo fauna aterpeak- eta ehiza erregimen bereziko lurrak -natura-gune babestuak, adibidez-, non ehiza eremu bakoitzaren arauen arabera arautuko den.

Halaber, segurtasun eremuak ezarriko dira, non neurri bereziak ezarri behar baitira pertsonak eta ondasunak babesteko, beraz, eremuotan ehiza debekatuta dago. Eremuon artean, bidegorriak eta bide berdeak dituztenak daude, eta gero eta maizago ikusten dira; bertan, debekatuta egongo da ehiza, salbu eta aldundiek berariaz baimentzen dutenean.

Ehiza espezien zerrenda erregelamenduaren bidez garatuko da gainerako erakundeen eta ehizarekin lotutako gainerako eragileen iritziak kontuan izanda. Aldundiek gebenaldiei buruzko foru aginduen bidez zehaztuko dituzte urtero lurralde bakoitzeko ehiza espezieak.

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA:
BASERRI-GIROKO ESTABLEZIMENDUETAN INBERTSIOAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran onartu du dirulaguntzen deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoko baserri giroko establezimenduetan inbertsioak egiteko. Zenbateko osoa 119.939 eurokoa da.

Kontseiluak dirulaguntzen deialdia onartu du; izan ere, 82.758 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ordainduko dira eta 37.181 euro, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura.

Deialdi honen bidez diruz laguntzeko moduko jarduketak zuzenean egon behar dira lotuta baserria edo baserri giroko establezimendua birgaitu, zabaldu edo hobetzearekin.

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA:
EUSKO JAURLARITZAK 1,1 MILIOI BIDERATU DITU DIRULAGUNTZETAN ESKOLAKO AGENDA 21 PROGRAMA GARATZEKO

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du guztira 1.100.000 euro bideratzea dirulaguntzatan hezkuntza-programa hau garatzeko: unibertsitatez kanpoko ikastetxeen iraunkortasun eta kalitaterako programa, Eskolako Agenda 21. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak parte hartuko dute programa horren bultzadan, eta 2010. urtean 880.000 euro bideratuko dituzte horretarako, eta 220.000 euro, hurrengo urtean.

Ingurumenari buruzko hezkuntzako programa horren xedea da ingurumen-arazoen ebazpenean parte hartzeko ezagutzak, gaitasunak, jarrerak, motibazioa eta konpromisoak garatzea.

Hona programaren ezaugarri nagusiak:

• Bi eremu hartzen ditu: eskolakoa eta udalekoa edo eskualdekoa.

• Hezkuntza-komunitatean parte hartzea, ardatz eta oinarri moduan, eta ikasleen protagonismoa.

Kudeaketa arduratsua eta iraunkorra sustatzea.

Curriculumaren berrikuntza bultzatzea.

2003-2004 ikasturtean abian jarri zen programa honetan, guztira, 128 udalerritako 464 ikastetxek parte hartzen dute, eta partaideak, guztira, 193.627 ikasle eta 18.081 irakasle dira.

 


Aurreko Akordioak                         Bilaketakinicio

Azken eguneratzea: 2010-03-16

Dpto. Lehendakaritza

hasiera