Eusko Jaurlaritzaren logotipoa

Lehendakaria

euskadi.net-en logotipoa

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Aurreko lehendakariak
 
Juan José Ibarretxe Markuartu

Ibarretxe Lehendakariren argazki ofiziala
© Lehendakaritza

Juan José Ibarretxe Markuartu 1957ko martxoaren 15ean jaio zen Laudion, Arabako herri baten, euskal baserritarren jakinduria Euskadik hainbat hamarkadatan bizi izan duen industrializazio nekezarekin partekatzen jakin duen herri baten. Haurtzaroan eta gaztaroan, beraz, etenik gabe ikasi zuen egungo Euskal Autonomia Erkidegoaren berri: euskaldunen eta inmigranteen arteko elkarbizitzak ekarri dizkio eta ekartzen dizkio herri honi garapena eta aberastasuna.

Negoziatzaile saiatua eta langile nekaezina, Ibarretxe demokraziako hirugarren lehendakaria da eta Euskadiren historiako bosgarrena. Ibilaldi bikaina izan du Administrazioan. Laudioko alkate lau urtean eta Arabako Batzar Nagusietako prokuradore 1983tik 1994ra bitartean  Arabako batzar horietako lehendakari ere izan zen bost urtean , Eusko Legebiltzarreko kide hautatu zuten 1984an Ibarretxe.

Geroago, Ogasun eta Herri Administrazio sailburua eta lehendakariordea izan ondoren, lehendakari izan izendatu zuten lehen aldiz VI. Legegintzaldiaren (1999/2001) hasieran; eta berriro ere lehendakari izendatu zuten VII. Legegintzaldirako (2001/2005) eta, 2005eko ekainaren 24tik aurrera, VIII. Legegintzaldirako.

 


Curriculum vitae

Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean  berehala egin zuen bat Legebiltzarreko Ekonomia eta Aurrekontu Batzordearekin eta batzorde horren buru izan zen 1986tik 1994ra. Urtebete beranduago Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren buru izendatu zuen Jose Antonio Ardanza lehendakariak 1998an V. legegintzaldia bukatu arte. Urte horretan bertan ez zuen zalantzarik izan erantzukizun handi bat bere gain hartzeko: gobernu autonomoko lehendakaritzan Ardanza ordezkatzea, hain zuzen.

Harrez gero, Juan José Ibarretxe lehendakariak ahalegina egin du Euskadiren garapen maila jasotzen eta gizartearen egonkortasuna lortzen biztanle guztientzat Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakari aukeratu duten bi legegintzaldietan. Aldi berean, gogotik saiatu da Euskadin bakea lortzen; bere hitzetan “euskaldun guztion artean, inor baztertu gabe” lortuko da bakea.

Gizon zuhur eta apala da eta bi zaletasun handi ditu: alde batetik,  txirrindularitza –izan ere, maiz ibiltzen da bizikletan ; eta bestetik, familia.  Lehendakaria ezkonduta dago; bi alaba ditu, kutun-kutunak biak; eta mendian ibilaldi luzeak emanez eta nobela historikoak irakurriz igarotzen ditu asteburuak.

Metodikoa eta txukuna da; eta elkarrizketak jakin-min handia eragiten dio. Lehendakaria ondo ezagutzen dutenek diotenez, hitz egin baino lehen entzun egiten du beti eta inoiz ez du atea ixten arrazoizko duda baten aurrean; bere ustez, gauzak ez baitira ematen duten bezalakoak izaten beti. “Pertsonekiko harremana hobea edo okerragoa izan daiteke, baino ezin da inoiz errespetua galdu”; bere aitari ikasitako esaldietako bat da, lehendakariak sarrien errepikatzen duena. Errespetua eta hitza. Horra hor bi balore funtsezko Juan José Ibarretxe Markuarturentzat.

Honoris causa doktore izendatu zuten Tbilisiko Unibertsitateak (Georgia), Córdoba, Rosario eta La Platakoek (Argetina), eta Santo Domingokoak (Dominikar Errepublika)

 


 


Jose Antonio Ardanza Garro

Ardanza Lehendakariren argazki ofiziala
© Lehendakaritza

1985ean Eusko Legebiltzarrak Jose Antonio Ardanza izendatu zuen lehendakari. Haren agintaldia 1999ra arte luzatu zen hainbat legegintzalditan. Garaikoetxea lehendakariak autogobernua garatzeko ekin zion bideari jarraitu zion Ardanza lehendakariak: alde batetik, garapen ekonomikoa eta soziala bultzatu eta herrialdea eratu; eta beste aldetik, euskal autogobernua osorik betetzeko eskatu. Ardanza lehendakaria gogotik ahalegindu zen Euskadi baketzen eta ETAren terrorismoa salatzen. Lan horretan, alderdi guztien adostasuna lortu zuen Ajuria Eneako Ituna izenez ezagutzen dena izenpetzeko. Itun horren helburuak herrialdea politikoki normalizatzea eta indarkeria errotik ateratzea ziren. Haren agintaldian Euskadik modernizatze handia izan zuen; horrek garapen ekonomiko eta soziala bultzatu zuen eta euskal gizartearen ondasun eta ongizate maila Europako herrialdeen parera jaso zuen.


Carlos Garaikoetxea Urriza

Carlos Garaikoetxea Urriza Lehendakariren argazki ofiziala
© Lehendakaritza


Garaikoetxea lehendakaria abokatua eta ekonomia zientzietan lizentziaduna da eta bera arduratu zen hutsetik hasita autogobernuaren erakundeak eraikitzeaz eta Estatuarekin erakunde horiek nola garatu negoziatzeaz. Ez zen lan erreza ezta samurra ere izan. Haren lanak euskal autogobernua eta euskal erakundeak abiarazi zituen eta Euskadiren ekonomia suspertzen lagundu zuen, frankismoak euskal ekonomia lur jota eta bertan behera utzi baitzuen hainbat sektoretan; burdingintzan, esaterako. Horrekin batera, Ongizate Estatuari atxikitako zerbitzu sozialak garatzeari ekin zitzaion.

Garaikoetxea lehendakaria, ondorengoak bezala, samintasunez kexatu da beti Madrileko gobernuek Gernika Estatutuan onartutako autogobernua betetzeko erakutsi duten itxikeria dela eta, Gernikako Estatutua euskal herritarrek demokratikoki berretsi bazuten ere. Estatutua inoiz ez da osorik bete.


Ramón Rubial Cavia

Ramón Rubial Cavia Euskal Kontseilu Nagusiren presidenteren  argazkia

Diktadorea hil ondoren, Euskadik demokrazia eta askatasuna berreskuratu zituen. 1979an Autonomia Politikorako Estatutu berri bat  “Gernikako Estatutua” izenez ezagutzen dena  onartu zen. Hala ere, urtebete lehenago, 1978ko otsailean, Euskal Kontseilu Nagusia eratu zen. Autonomia aurreko erakunde horren buru Ramon Rubial sozialista eta Carlos Garaikoetxea nazionalista izan ziren hurrenez hurren. 1980an ere Eusko Alderdi Jeltzaleak irabazi zituen hauteskundeak eta Eusko Legebiltzarrak Carlos Garaikoetxea izendatu zuen lehendakari urte horretako martxoan. Horren aurretik, ekitaldi jendetsu eta hunkigarri bat egin zen Bilbon, Leizaola lehendakariari eta haren bitartez Euskadiko Gobernuko kabineteetako kide izandako guztiei esker ona adierazteko erbestealdi latzean egindako lanarengatik.


Jose Maria Leizaola Sánchez

Leizaola Lehendakariren argazki ofiziala
© "Nazionalismoen artxibategia". Sabino Arana Fundazioa"

Hain zuzen ere, Bigarren Errepublikaren tarte demokratikoan onartu zen euskaldunen autogobernua eta tarte horretan berreskuratu ziren euskaldunen eskubideak, osorik eta guztiak izan ez baziren ere. II. Errepublikaren borondate demokratikoak Euskadiko Autonomia Erkidegorako autonomia estatutu bat onartzeko aukera eman zuen; horren ondorioz, Eusko Jaurlaritza sortu eta Euskadiko lehen lehendakaria aukeratu zen. Ardura hori Jose Antonio Agirreri, Eusko Alderdi Jeltzaleko buruzagiari, egokitu zitzaion eta hala, Euskal Autonomia Erkidegoko euskaldunen lehen lehendakaria bilakatu zen.
Agirrek lehen Eusko Jaurlaritza eratu zuen, baina ez zuen ia denborarik izan herrialdea gobernatzeko, ahalegin handiena faxismoari aurre egiten erabili behar izan baitzuen. Izan ere, faxismoak Demokrazia eta autogobernu berreskuratu berria galtzeko arriskua eragiten zuen. Dena dela, Euskadiko Gobernuak, Agirre buru zuela, lan handia burutu zuen euskal lurrean iraun zuen bederatzi hilabeteetan eta geroago erbestean. Horri esker, areagotu egin zen euskal herriaren askatasun gogoa. Altxamendu militarrak, Francisco Franco buru zuela, indarrez irabazi zuen eta diktadura frankista ezarri zen jarraian. Horrek erbestera eraman zituen José Antonio Agirre eta bere Gobernua, baita beste hainbat eta hainbat demokrata eta errepublikazale ere. Izan ere, Agirre lehendakariak ezin izan zuen bere herrira itzuli eta erbestean hil zen, legatu historiko bat utzita: demokraziarekiko eta askatasunarekiko konpromisoa, hain zuzen. Lehenengo lehendakariak “Gernikatik New York-era Berlinetik pasata” liburuan idatzi zituen bere bizipenak.

Jesús Maria Leizaolak hartu zuen Agirreren lekua. Justizia eta Kultura sailburu izan zena izendatu zuten lehendakari 1960an, Jose Antonio Agirre hil ondoren. Leizaola lehendakariak erbestean bete zuen bere lana; Paris hartu zuen bizileku, eta han lan nekeza burutu zuen diktadura salatzen, askatasunaren garrari piztuta eusten eta euskal autogobernuari iraunarazten. 1979an, erbestean 43 urte eman ondoren, Euskadira itzuli zen, Euskadi demokrazia eta autogobernua berreskuratzen hasi zenean. Zeregin politikoa eta kezka literarioak eta intelektualak uztartu zituen. Kultura eta jakintza zabaleko gizon honek Euskal Literatura eta Olerkigintzari buruzko Azterlanak idatzi zituen.


Jose Antonio Aguirre y Lekube

Aguirre Lehendakariren argazki ofiziala
© "Nazionalismoen artxibategia". Sabino Arana Fundazioa"

Hain zuzen ere, Bigarren Errepublikaren tarte demokratikoan onartu zen euskaldunen autogobernua eta tarte horretan berreskuratu ziren euskaldunen eskubideak, osorik eta guztiak izan ez baziren ere. II. Errepublikaren borondate demokratikoak Euskadiko Autonomia Erkidegorako autonomia estatutu bat onartzeko aukera eman zuen; horren ondorioz, Eusko Jaurlaritza sortu eta Euskadiko lehen lehendakaria aukeratu zen. Ardura hori Jose Antonio Agirreri, Eusko Alderdi Jeltzaleko buruzagiari, egokitu zitzaion eta hala, Euskal Autonomia Erkidegoko euskaldunen lehen lehendakaria bilakatu zen.

Agirrek lehen Eusko Jaurlaritza eratu zuen, baina ez zuen ia denborarik izan herrialdea gobernatzeko, ahalegin handiena faxismoari aurre egiten erabili behar izan baitzuen. Izan ere, faxismoak Demokrazia eta autogobernu berreskuratu berria galtzeko arriskua eragiten zuen. Dena dela, Euskadiko Gobernuak, Agirre buru zuela, lan handia burutu zuen euskal lurrean iraun zuen bederatzi hilabeteetan eta geroago erbestean. Horri esker, areagotu egin zen euskal herriaren askatasun gogoa. Altxamendu militarrak, Francisco Franco buru zuela, indarrez irabazi zuen eta diktadura frankista ezarri zen jarraian. Horrek erbestera eraman zituen José Antonio Agirre eta bere Gobernua, baita beste hainbat eta hainbat demokrata eta errepublikazale ere. Izan ere, Agirre lehendakariak ezin izan zuen bere herrira itzuli eta erbestean hil zen, legatu historiko bat utzita: demokraziarekiko eta askatasunarekiko konpromisoa, hain zuzen. Lehenengo lehendakariak “Gernikatik New York-era Berlinetik pasata” liburuan idatzi zituen bere bizipenak.


Azken eguneratzea: 2009/05/20