Eusko Jaurlaritzaren logotipoa

Lehendakaria

euskadi.net-en logotipoa

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Azken eguneratzea: 2009/07/01
LOPEZEN ETA ZAPATEROREN ARTEKO LEHEN BILERA
Lehendakaria Jose L. Rodriguez Zapatero Gobernuko Presidentearekin bildu da
Bilera Moncloa Jauregian egin dute eta 2 orduko iraupena izan du
Euskal estatutuaren garapena sustatzearen beharra adierazi dio Patxi Lopez Lehendakariak Gobernuko Presidenteari. ETAren azken atentatuaren eta Estrasburgoko Auzitegiak Batasuna Alderdien Legearen ondorioz legez kanpo uzteko erabakia onartzen duen sententziaren ostean, terrorismoaren kontrako borrokaren egoeraz hitz egin dute.
Lehendakaria Zapatero agurtzen
Lehendakaria Zapatero agurtzen.(JB)

Patxi Lopez Lehendakaria Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko Presidentearekin bildu da gaur goizean Moncloa Jauregian. Lopezek joan den maiatzaren 7an kargua hartu zuen egunetik elkarrekin egin duten lehen bilera izan da, eta bi ordu eta erdiz egon dira batzartuta. Bileraren ostean emandako prentsaurrekoan, Lopezek esan du Eusko Jaurlaritza berriarekin "adostasunean eta ez gatazka interesatuan oinarritutako garai berri bat" heldu dela. Halaber, "Estatuarekiko harremanetan normaltasuna nagusituko dela" azpimarratu nahi izan du Lehendakariak. Ildo horretatik, autonomia erkidegoen eta Gobernu zentralaren arteko bileretan ez dela "inoiz aulki hutsik egongo" adierazi du Lopezek, "Lehendakariaren eta Eusko Jaurlaritzaren helburua alde anitzeko foro guztietan parte hartzea baita".

2 gobernu, terrorismoaren aurkako politika 1

Gobernuko Presidentearekin izandako lehen bilera "adeitsua, adiskidetsua eta Euskadiko interesei dagokienez oso onuragarria" izan dela esan du Lopezek. Hala, terrorismoaren aurka bi gobernuek interes berberak dituztela jakinarazi du Lehendakariak, eta, hain zuzen ere, partekatzen dituzten helburu horiek Segurtasun Indar eta Kidegoen arteko lankidetza egunero hobetzea eta indarkeriari zilegitasuna kentzea ahalbidetzen duen "konplizitatean" oinarritzen direla azpimarratu du. "Gobernu hau terrorismoaren kontrako erreferente sozial baten buru izango da. Ez da egongo indarkeriaren zigorgabetasuna izango duen eremu publiko bakar bat ere", adierazi du Lopezek. Halaber, ETAren aurka alderdien mahai bat osatzearen erabakia alderdi politikoekin izaten ari den bileren ostean erabakiko duela gaineratu du. "Mahai bat batasuna bultzatzeko deitu behar da soilik, eta ez gatazkak edo desadostasunak sortzeko", azaldu du.

Eskumenen transferentzia

Autonomia Estatutuaren erabateko garapena Eusko Jaurlaritzaren bigarren lehentasuna dela adierazi dio Patxi Lopezek Gobernuko Presidenteari. Lehendakariak jakinarazi du bere Gobernuaren helburua Estatutua erabat garatzea dela, Euskadin "desberdinen arteko hitzarmenen" bermatzailea baita. Krisi ekonomikoaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak "enplegu politika aktiboetan interes berezia" duela jakinarazi dio Lehendakariak Gobernuko Presidenteari. Hain zuzen ere, enplegu politika aktiboen transferentzia bultzatzea hitzartu dute Lopezek eta Zapaterok, "2010.eko urtarrilaren 1ean Eusko Jaurlaritzaren esku egon dadin".

Azpiegiturak eta Berrikuntza
 
Bi ordu eta erdi baino gehiago iraun duen bileran, Euskadiko azpiegitura estrategikoen gaia ere jorratu dute. Ildo honetatik, Lopez "oso lasai" agertu da, Abiadura Handiko Trenaren lotura Frantziaren lehentasunetako bat dela ziurtatu ostean. Halaber, obra honen Gipuzkoako tartea "ahalik eta gehien bizkortuko" dela azaldu du Lopezek, "aurreko gobernuek betebehar guztiak egin ez izateak eragindako atzerapenen ondoren".